Donostia topaleku izango da berriz ere antzerki munduarentzat datorren uztaileko 9tik 12ra bitartean, egun horietan egingo baita Donostiako Antzerki Feriaren hamargarren edizioa. Gertaera hau ezinbestekoa bihurtu da dagoeneko antzerki munduko eragileentzat (programatzaile, banatzaile eta konpainientzat), bai eta, oro har, antzerkizaleentzat ere. Izan ere, aurten ere estreinaldien eta obra berrien eskaintza interesgarria aurkituko dute bertan.

2003ko Ferian, gainera, nabarmena izango da Euskal Herriko konpainien parte-hartzea. Ados ikusteko aukera izango dugu, "Las mujeres de verdad tienen curvas" obrarekin; Antzerkiola Imaginarioa, "Yuri Sam"ekin; eta Aukeran, "Todo lo que tiene nombre existe" obra berriarekin. Gainera, Feria dela eta, Hika eta Tentazioa Donostiara itzuliko dira, "Ai ama!"rekin bata eta "Historias Terraterrestres"ekin bestea, hurrenez hurren, bai eta Vaivén ere, "Victor Bevch"ekin. Edizio honetan ere izango da Eusko Jaurlaritzaren Dantzarako Plataforma: hiru konpainiak aurkeztuko dituzte beren ikuskizunak, hilaren 9tik 11ra bitartean.

Donostiako bazterrak ustekabez beteta egongo dira lau egunotan, hainbat taldek jardungo baitute kalean, hala nola Producciones Imperdibles-ek, Donostiako Antzerki Feriarekin batera ekoitzitako "Mirando al cielo"rekin, edo Simulacro Teatro "El murmullo de un temor" ikuskizunarekin. Honek ez du inor hotz utziko.
Izango dira aurpegi ezagunak ere, hala nola Antonia San Juan aktorea, "El veneno del teatro"ren estreinaldiarekin, edota Adolfo Fernandez, zeinak "Vida y muerte de Pier Paolo Pasolini" baitakar. Hamargarren edizio hau, ezbairik gabe, orain arte egindako guztietan nazioartekoena da. Bartho akrobata belgatarrak bere barrikarekin jardungo du Boulevardean. Alemaniatik iritsiko zaigu Explosive Lunatic Extreme, "Excentric" ikukizunarekin; Brasildik, berriz, "Tangos y tragedias", eta Australiatik The Happy Sideshow ikusgarria, denen arreta erakarriko duena noski. Gainera, Kursaaleko Auditorioa hiru maisulanen antzoki izango da. Ballet Biarritzek "Homenaje a los Ballets rusos" obra estreinatuko du Espainian, Dagoll Dagomek "Poe" eskainiko digu, Antzerkiko bi Max sari jaso dituen musikala, eta Nuevo Ballet Españolek "Romeo y Julieta"ren bertsio berri bat hurbilduko digu.

Gero eta ikusleria zabalagora iristeko xedez, Kursaaleko Auditorioa eta Ganbera aretoa Feriako antzoki izango dira, Antzoki Zaharra, Egia eta Lugaritzekin batera.

Feriaren lau egunei esker, hainbat bilera profesionalen topaleku izango da Donostia, bai eta I Encuentro Iberoamericano de Cooperación de las Artes Escénicas delakoaren gertaleku ere. Eta Euskal Herriko Unibertsitateak ikastaro bat eskainiko dio "Las artes escénicas como terapia" gaiari, David Barberoren zuzendaritzapean.

Besterik ez, salbu eta gure esker ona adierazi Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, INAEM, Kataluniako Kultura Industrien Institutua, Tarregako Feria eta proiektu hau aurrera ateratzeko gurekin lankidetzan aritzen diren enpresa guztiei –Kutxa, SGAE-. Zer esanik ez, konpainia, banatzaile, programatzaile eta zaleei, horiei esker gure hiria “antzerkiaren hiriburu” bihurtzen baita lau egunez, denon gozamenerako.