Aurkezpena

ANTZERKI FERIA
DONOSTIA
Baztertu ezineko hitzordua!

Donostiako Nazioarteko Feria baztertu ezineko hitzordua da arte eszenikoentzat. Uda hasieran izaten da, eta udako kulturraldiari eman ohi dio hasiera Donostian.

1988an izan zen lehenengoa, eta orain arteko hamaika edizioetan erreferente argia bihurtu da Espainia osoko arte eszenikoetako profesionalentzat, eta harremanak estutzen jarraitzen du Latinoamerika eta Europako merkatuekin. Antzerkiaren topaleku gisa ondo sendotutako kultur gertaera izaki, urteak daramatza Estatu osoko ferien buruan. Donostiako Feriak, areto programazioari eta etorri ohi diren programatzaileen ugariari esker, nabarmentzea lortu du. Programazioan eta produkzioan duen kalitatea da Antzerki Feria honen ezaugarri nabarmengarrietako bat.

Feriak arte eszenikoen merkatua bizkortzen laguntzea du xede nagusi, eragileak harremanetan jarriz eta azken antzerki sorkariak aurkeztuz, arreta berezia eskainiz Euskal Herriko konpainiak bultzatzeari. Bestalde, Feriak badu festa izaera ere. Arte eszenikoen festa handia, Donostian udan izan ohi diren zine eta musika jaialdi nabarmenenak osatzera datorrena.

Donostiako Feria, hartara, arte eszenikoen sektorearen topaleku nagusi bihurtzen da lau egunetan, eragileen arteko hartu emanak sustatuz eta sektorearen beraren garapena erraztuz.
Donostiako Feriaren zenbait datu

• Antzerki Feriaren lau egunetan zehar, Donostia arte eszenikoen merkatu handi bihurtzen da. Feria sektoreko eragileen sekulako topalekua da, trukerako eta kontrataziorako aukera ugari eskaintzen baititu. Donostiako Feriak negozio kopuru handia sorrarazten du, zuzenean nahiz zeharka, partaideen artean. Hori dela eta, konpainia askorentzat, 300 hautagai baino gehiago 2004an, Donostia aukera ezin hobea da merkatu berrietara hedatzeko.

• Donostiak, Antzerki Feriari esker, arte eszenikoen 600 profesional baino gehiago hartzen ditu. Horietarik, programatzaileak dira 200. Nabarmentzekoa da Estatuko antzoki nagusietako ia programatzaile guztiak etortzea, bai eta nazioartekoak ere, hala europar nola latinoamerikarrak.

Feriaren programazioa askotarikoa da, kalitatezkoa, eta berriki estreinaturiko ikuskizunak aurkeztea du lehentasun. Donostiaren bereizgarria da aretoko antzerki eta dantza programazio zaindua aurkeztea. Programazio hori kaleko programazioarekin osatzen da, Antzerki Jaialdi bat ia, hiriaren erdian kontzentratua, Donostia osoa girotzen duena. Feriaren azken edizioan 31 ikuskizun programatu ziren guztira, eta 60 emanaldi baino gehiago egin ziren.


• Donostiako Feriak kalitatearen aldeko apostu irmoa egitea du bere bereizgarri nagusietako bat. Kalitatea proposamen artistikoetan, antzokietan, bai eta akreditaturiko profesionalen egonaldian ere. Tamaina honetako gertaera baten kalitatearen aldeko apostu horren bermagarri ditugu hiri turistiko honetako hotel azpiegitura ona eta bertako antzokiak.


Donostiako ikusleek masiboki erantzuten diete Feriaren proposamenei. Antzerki Feriaren lau egunetan zehar, 20.000 ikusle inguruk gozatu ohi dute programaturiko obrez, hala aretoan nola kalean. Ikusleriaren eskaera handia dela eta, funtzio askotan jarri ohi da “Sarrera guztiak salduta” txartela.